LOS SANFERMINES QUE HA VIVIDO EL GRAN HOTEL LA PERLA

DESDE 1881 HASTA LA ACTUALIDAD

AURKEZPENA

Sanferminak 1881etik

(Argazkia: Fernando Hualde)
Luzea da La Perla hotelak egin duen ibilbidea; zehazki, 1881. urteko ekainean abiatu zen. Bitxia da, baina ekaina hartan, hain justu, sanfermin besten historian, lehendabiziko aldiz, egitaraua jasotzen zuten eskuorriak argitaratu zituzten.

Geroztik, eta gaur arte, La Perla hotela izan da sanfermin besten hamaika ekitaldiren lekuko, bai eta protagonista ere. Ez da ahaztu behar hotela hiriaren erdian dagoela; hau da, bestaren erdian; Gazteluko plazan eta Estafeta karrikan alegia; Sarasate du albo batean, eta zezenak bertzetik pasatzen dira.

Hotel honen aurretik pasa dira, Estafetan gora zezen plazarantz, sei milatik gora zezen; Erraldoien eta Buruhandien Konpartsaren hamaika emanaldiren lekuko izan da. Milioika zintzur ikusi du San Ferminen aldeko oihuak botatzen. Sarasate biolin jolearen hainbat emanaldiren eszenatoki izan da hotela, halaber. Atzoko eta gaurko peñak ezagutu ditu. Bertako pareten artean hasi dira plazan ahaztezin bilakatu diren hamaika arratsalde. Une onak bizi izan ditu, bai eta bestak bertan behera uztea eragin duten gertakizun  larri eta tristeak ere.

Inork baino sanfermin besta gehiago ezagutu du La Perlak. Eta bizi izan ditu, gainera, toki probilegiatu batetik. Horregatik, eta hiru mende ezberdinetan bizi izanak ematen dion beteranotasunetik, hotelak, bere blogaren bitartez, bizi izan dituen besten historia kontatu nahi digu. 1881. urtetik, hain justu. Ez da nolanahiko marka!

La Perla hotelak ahalegin hori egin nahi izan du eskerrak emateko, hotelak argi baitu bizitza ematen dion hiriari zor diola dena. Iruñeko historiaren eta muinaren zati bat da hotela. Sanferminen eta hiriaren historiari gure ekarria egiten ahal diogu, eta horretarako prest gaude.

Urtero berrituko dugu bloga, eta bertan jasoko dugu azken sanferminen historia, 1881. urtetik ospatu diren guztien historiarekin batera. Tarteka, halaber, dagoen informazioa zabaltzen saiatuko gara, datu barrekin, edo argazki gehiago jasoaz.

Hemen gelditzen da, beraz, bertako langileen eskutik La Perla hotelak egin duen lan ikaragarria. Ehunka lan ordu bada hemen jasota, akaso milaka. Material grafiko zabala dago, argazki bakoitza bere urtean! Eta kasu anitzetan, inoiz argitaratu gabeko argazkiak dira.

Hau da, finean, Iruñeari egin nahi izan diogun oparia. Aldi berean, gure bestak maite dituzten guztiei egiten diegun oparia da. Eta hori dena, La Perlak bizi izan du.

(Argazkia: Amaia Ramírez de Arellano)